OLATZ ZUGASTI
"OLATZ ZUGASTI , AMETS GOXOEN ZAINDARI"
SARRERA
Sehaska kantuak dira Olatz Zugastik "Bulun Bulunka" diskan eskeintzen dizkiguna. Haurrei mendeetan zehar kantatu ohi izan zaien kantuak dira baina ez soilik haurrei zuzendutakoak. Hobe lukete askok lo egiteko horrenbesteko botika eta medikamendu hartu beharrean diskako kantuak entzungo balituzte. Amets goxoagoak izango lituzkete. Zihur.

ELKARRIZKETA
E!: Gehienbat Benito Lertxundirekin egindako lanarengaitik zara zu ezaguna. Ala ere txikitatik ibili zara musika munduan murgilduta. Kontaiguzu Olatz nola izan den bilakaera.
O: Gitarrarekin izan zen instrumentu batekin izan nuen lehen harremana, jaunartzean oparitu zidaten eta berarekin hasi nintzen lehen akordeak jotzen. Garai hartan, nik oraindik ume nintzala, Ez Dok Amairu mugimendua zegoen indarrean eta horrek eraginda musika tradizionalean hasi nintzen. Bestetik Beatles taldea ere oso gustokoa nuen. Urumea ikastolan ikasten nuen eta Benito Lertxundi etorri ohi zen astean behin kantu tradizionalak erakustera. Oso gustokoa nuen klase hori eta era horretan ezagutu genuen elkar. Beranduago "Altabizkar" diskan parte hartzera gonbidatu ninduen, egia esan tiplea zan berak bilatzen zuena orain "easo txiki" deitzen dena. Tiplea mutil kozkorrek duten ahotsari esaten zaio eta hori zan bilatzen zuena. Benitok berak txikitan tiplean ibilitakoa zen Orioko eskolan. Garai hartan, duela hemezortzi urte, ez zituen tipleak egiten zituen gazterik ezagutzen eta orduan niri proposatu zidan, adin horretan neska eta mutikoen ahotsa oso antzekoa izaten baita.
Pixkanaka arparekiko zaletasuna sartu zitzaidan. Benitok Alan Stivell-en diska bat utzi zidan eta asko gustatu zitzaidan. Beranduago etxean arpa zuen donostiar bat ezagutu nuen. Musikazale amorratua da bera eta azkenean arpa oparitu zidan nahiz eta beranduago arpa ez zela berea jakin nuen.
E: Historio bitxia zurea eta kontatzen duzunez argi dago hasieratik izan duzula harremana Benitorekin. Ala ere bakarlari modura ez da hau kaleratzen duzun lehen lana ezta?
O: Ez, duela zortzi bat urte kaleratu nuen nere bakarkakako lehen diska. Garai hartan ikastoletatik ibiltzen ginen lagun batzuekin diputazioak antolatutako ekitaldi batzuetan jotzen eta horren aritik ekin nion kantak egiteari. Kantu sorta bildu eta "Kantu Baten Bila Nabil" izeneko diska kaleratu nuen.
E. Oraingo honetan berriz seaska kantuz osatutako lana egin duzu eta oker ez banaiz lehen aldia da Euskal Herrian seaska kantuez osatutako diska kaleratzen dela.
O: Bai, Elkarlanean argitaletxeko Joseba Ormazubik orain dala hiru bat urte honelako zerbait egitea proposatu zidan. Orain artean bada sehaska kanturik kantatu duten abeslaria baina ez zegoen sehaska kantuen bilduma jasotzen zuen diskarik. Hutsune hori betetzeko proposamena egin zidaten. Garai hartan nere alabak urtebete zuen eta denbora pixkat beharko nuela esan nien. Nahi nuen denbora hartzeko esan zidaten eta alde horretatik ez dut inungo presiorik izan, nahiko denbora eduki dut diska lasai, lasai egiteko.
E: Bistan denez baldintza egokiak izan dituzu lan egiteko eta ez soilik maila teknikoan, baita diskan parte hartu duten kolaboratzaileei dagokionez ezta?
O: Bai, hasieratik nere esku utzi zuten kantuen aukeraketa eta diskan parte hartuko zutenen aukeraketa ere. Hasieratik garbi nuen Angel Unzu izan nahi nuela diskan parte hartzen. Betidanik gustatu izan zaidan musikaria da bera, oso musikari interesgarria da eta moldaketak egin zitzala nahi nuen. Ez produkzio lanean soilik hasieratik nahikoa garbi bait nuen diska nondik nora jo behar zuen baina bai bere aholkuak jasoaz. Arpa eta ahotsen moldaketa ezik beste moldaketa guztiak berak egin ditu. Klarineteta, txeloa, sokazko instrumentu guztiak berak moldatu ditu, baita perkusioak jo ere. Asko harritu nauen musikaria da, oso efektiboa da eta malgua.
E: Maddi Ohienart-en ahotsak ere hasieratik erakarri zintuen ezta?
O: Bai, Pello Serbielle-k diska batean parte hartzeko proposatu zidanean elkarrekin dugun lagun baten etxean egon ginen eta bertan entzun ahal izan nuen lehen aldiz Maddi Ohienart-en ahotsa. Bere lagun batzuekin grabatutako kantu batzuk entzun genituen, zintan grabatuak zeuden eta soinua ez zen oso ona baina hasieratik erakarri ninduen. Hasieran bulgarriarra izango zela pentsatu nuen eta gero ohartu nintzen zuberotarrez kantatzen ari zela. Gustiz liluratua geratu nintzen. Geroago Azparneko ikastolaren aldeko jaialdi batean ikusi nuen eta nahiz eta arratsaldez izan eta agian giro aproposena ez suertatu, duen kantatzeko erak unkitu ninduen, malko eta guzti atera arazi zizkidan. Noizbait merezitako lekua lortuko duela espero dut.

E: Sehaska kantuak dira diskan entzun daitezkenak baina ez dira lo hartzeko modukoak ezta? Ala bai.
O: Printzipioz ez nintzateke batere ofendituta sentituko diskarekin lo hartzen dutela esango balidate. Egia esan horretarako dira ezta? Berez erlaxatzeko kantuak dira eta hori lortu badut ez nintzake batere haserre izango. Izan ere hasieran horrelako proiektua proposatzen dizutenean monotoegia aterako ote denaren beldur zara. Geroago konturatzen zara kantuei dagozkien bainan tempo azkarragoa ematen badiezu adibidez ez dela ondo geratzen, kantu bakoitzak du bere erritmoa. Hori izan da egin dudan erreflexioa.
E: Eta somniferoen ordezkoa izatea ere ez da txarra. Hobe lukete askok horrenbesteko botika eta medikamendu hartu beharrean horrelako musika erabiliko balute lo hartzeko garaian.
O:Ba bai egia esan.
E: Kantuei dagokionean berriz kantu tradizionalak dira gehienbat , adibidez Azkuek bildutakoak eta badago ere zuk egindako kantua. Kontaiguzu nola izan den kantuen aukeraketa prozesua.
O: Hasiera batean Azkue eta Aita Donostiren kantutegietatik hasi nintzen. Hauek aztertzen hasten zarenean konturatzen zara benetan zer nolako garrantzia izan duten sehaska kantuak Euskal Herrian. Gai zentrala dute gehienetan baina doinu aldetik izugarrizko aberastasuna dago. Horiek jasotzen hasi nintzen eta horretaz gain duela sei urte egindako sehaska kantua banuela konturatu nintzen, zirriborroa baino zerbait gehiago zena nahiz eta oraindik gustiz borobildua ez egon. Hernanin bizi den haur bati eskeinitakoa da, Peruko Amazoniakoa da bera eta lengusu batzuek semetzat hartu dute. Horrek inspiratu ninduen.
Bada beste kantua amonak kantatzen zuena eta Mixel Labegueriek konposatutakoa dana, ez dakit tradizionalen eremuan sartu daiteken baina gustora kantatzen dudana da. Eta azkenik Maddi ezagututa kantu zuberotar bat sartzea bururatu zitzaidan berak aukeratutako bat noski.

E: Diska promozionatzen ari zara orain bainan oker ez banaiz ez duzu diska zuzenean aurkezteko asmorik.
O: Ez, ez dut uste zuzenean jotzeko diska egokia denik. Etxean entzuteko aproposagoa dela uste dut bakoitzak bere etxeko giroan gozatzekoa. Ez nieke kantuei mesederik egingo zuzenekoak eskeinita. Agian beste kantuekin tartekatua bai baina ez soilik sehaska kantuekin.
E: Aurrera begira Benitorekin jarraituko duzula imaginatzen dut baina ez dizkiozula diskak bakarka ateratzeari ateak itxiko.
O: Bai, gainera "atsedenean" dauden hainbat kantu dauzkat eta beste batzuk zirriborroan. Horiek berreskuratzeko gogoa daukat eta baita oso gustoko ditudan hainbat kantu herrikoi grabatzea gustatuko litzaidake.
E: Bai diska honetan eta baita Benitorekin kaleratutakoetan musika lasaia da nagusi baina zer musika entzuten du Olatz Zugastik etxea?
O: Beno, Euskadi Irratian irratsaioa egiten dut herri musikei eskeinia eta hori da gehien bat entzuten dutena. Azkenaldian munduko musikak dira entzuten ditudanak beti ere folkaren ingurutik. Beti gustatu zaizkit musika etnikoak.
E: Gaur egun gainera ohikoa bilakatu da eta lehen aipatutako Alan Stivell da horren adibide garbia, ohikoa bilakatu da musika estiloen arteko nahasketa ezta. "One douar" azken lanean Khaled edota Yossue N´Door-en kolaborazioak izan ditu eta hori musika aberasteko balio du.
O: Bai, egia esan, Alan Stivell betidanik gustatu zait eta nahiago dut hasieran egiten zuena oraingo nahasketak baino. Ez dut gehiegi sinisten nahasketa horietan, nolabait bidea galdua ote duen edo iruditzen zait. Stivell bezalako musikari batek zer nolako beharra du orain Khaled edota Yossue N¨Door-ekin kantuak egiteko ezta? Ez deritzot gaizki dagoenik baina nolabait norabide galduarekin ikusten dut.
E: Eta Euskal Herriko egoera, zer deritzozu, ez soilik folkaren esparruan baita beste estiloetan ere.
O: Beno hemen gauza asko egiten dira eta musika da orain daukagun gauzik dinamikoenetakoa. Folketik aldentzen diren esparruetan adibidez Kashbad taldeak egiten duena oso interesgarria iruditzen zait. Gustoko izango duzu edo ez baina badute kalitatea eta hori onartu beharra zaie. Kantagileen aldetik Mikel Urdangarinek oso ahots interesgarria dauka eta baita kantatzeko era ere, agian bertsogintzatik datorkiona. Eta azkenaldian asko gustatu zaidan diska Tapiaren "Quebec" lana izan da nahiz eta hango kantagileekin egin eta itzulpena izan oso ekarpen interesgarria egiten duela iruditzen zait.
Ekarpen interesgarri ugari zalantzarik gabe azken aldian euskal musikan aurki daitezkenak eta horien artean azpimarratzekoa Olatz Zugastirena. Berak dioen moduan estiloen gainetik kantu onak, giroa sortzen dutenak dira bilatu behar ditugunak eta horietako asko aurki daitezke "Bulun Bulunka" diskan.
Amets onak izan.
ARITZ SOUND SYSTEM
